XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Planoaren balore edo dimentsio ezberdinetaz hitzegin genezake.

Berez errealitate fisiko mugagabea da planoa.

Alegia, geometrian lerroaz eta puntuaz definiturik gelditzen dena: bi lerro paralelok, elkar ebakitzen diren bi lerrok, lerro bat eta puntu batek edo lerro zuzen berean ez dauden hiru puntuk definitzen dute planoa.

Hau, ordea, plano geometriko abstraktu eta mugagabea da.

Plano hori mugaturik erabiltzen dugu guk, nolabait ere konkretaturik, gehienetan bertikalez eta horizontalez mugaturik.

Mugaketa fisiko horren bitartez sortzen dira forma geometriko konkretuak: triangelua, karratua, zirkulua.

Beraz gure erabileretarako planoa edozein azalera laun litzateke.

Halabeharrez planoa erabiltzen da hainbat arte-lanetan: pinturan ia erabat (mihisea, ohola, etab.), marrazketako papera eta kartelgintza planoak dira, zinema ere pantailaren planorako egiten da (argia eta beste hainbeste elementuz hiru dimentsiotan lan egin ondoren plano launean ematen da ondorioa)...

Plano mugatu honek, forma geometrikoak, bere legeak ditu, bizi propioa du.

Beti ere triangelua dinamikoagoa da karratua edo zirkulua baino.

Plano zeharkakoak ere tentsio handiagoa adierazten du plano horizontalak edo bertikalak baino.

Artegintzan erruz erabili izan da pianoaren espresio-indarra eta mintzabidea.

XX. mendean gertatu den berrikuntza plastiko eta kontzeptual nagusienak forma-mota horixe erabiltzen du oinarrian: kubismoaz ari gara, noski.

Honi jarraiki futurismoa sortu zen eta konstruktibismoa gero.

Hauen haritik arkitektura razionalistak ere plano hutsa erabili zuen bere printzipioen adierazgarritzat (arrazoiketa plastikoaz, gainera, baziren bestelako kontsiderazioak ere, noski).

Gure artean Jorge Oteizak maisuki erabili du planoa bere eskulturetan, ez-bolumenaren hutsa adierazteko plano elkarlotuei aparteko bizi dinamikoa ezarriz.

Zetakari dagokionez, lerroa keinu, uharre, bihurtzen denean, zetaka bihurtzen da.

Horregatik, zetakak badu azalera eta plano izanik ere, bestelako izaera espresiboa: indar anarkiko, grina-pizgarri, intuitiboa erakusten du.

Zetaka ere hainbat erabili izan da artegintzan, inpresionisten ondotik, fauvistak sortu ziren (piztiak), irudiaren beraren mugak kolorearekin gaindituz, gainezkatuz.

Espontaneoagoa eta intuitiboagoa egiten da pintura.

Kolore bortitzekin pintatzen dute, kontraste handikoekin, orbanaren edo zetakaren zabaltasuna gustora erabiliz.